gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Domingo, 6 de octubre de 2024
Borges
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > JORGE LUIS BORGES, TODAVÍA
BIOGRAFÍA DE JORGE LUIS BORGES



Haurtzaroa (1899-1914)





Jorge Luis Borges Buenos Airesen jaio zen 1899ko abuztuaren 24an. Leonor Acevedo Suarezen eta Jorge Guillermo Borges Haslam, abokatu eta psikologia eta ingeles irakaslearen semea izanik, familiaren barruan oso heziketa arduratsua jaso zuen. 1901ean jaiotako bere arreba Norah-ekin batera ingelesez irakurtzen ikasi zuen gazteleraz baino lehenago. Bere lehenengo haurtzarotik datorkio labirintoaren esperientzia, ispiluekiko izua eta tigreekiko lilura. Zortzi urte zituela, bere lehenengo ipuina idatzi zuen eta bederatzi urte zituela Oscar Wilderen El principe feliz itzuli zuen ingeleratik.



Nerabezaroa eta lehenengo gaztaroa Europan (1914-1921)





Borgestarrek Europan denboraldi bat igarotzea erabaki zuten. London eta Paris bisitatu eta Genevan kokatu ziren, eta, han bizi izan ziren gerra amaitu arte. Borges batxilerra ikasten hasi, frantsesa, latina eta alemaniera ikasi eta bere literaturan eragin handia izan zuten autoreen lanak irakurri zituen, alegia, Flaubert, Maupassant, Carlyle, Chesterton eta Whitman olerkari sinbolistenak, espresionista alemaniarrenak eta filosofo germanistenak, bereziki, Schopenhauer eta Nietzscherenak. Meyrinken El Golem irakurriz, bere literaturan landuko zituen hainbat gai aurkitu zituen. 1919an, Borgestarrak Espainiara lekualdatu ziren. Bartzelonatik igaro ziren, urtebetez Mallorcan bizi izan ziren, gero Sevillan, eta, azkenik, Madrilen kokatu ziren. Urte horietan zehar, Borges mugimendu abangoardistekin harremanetan jarri eta ultraistekin elkartu zen. Manifestuak idazten parte hartu zuen, hainbat aldizkaritan bere lankidetza eskaini zuen eta solasalditan ere jardun zuen. Cervantes, Quevedo, Gongora, Gracian, Unamuno eta Manuel Machado Espainiako idazleen lanak ere irakurri zituen.



Gaztaroa (1921-1938)





Buenos Airesera itzulita, olerkari gazte talde batekin bildu zen Macedonio Fernandez inguruan, eta, haiekin batera, Prisma eta Proa aldizkariak sortu zituen. 1923an Fervor de Buenos Aires bere lehenengo olerki liburua argitaratu zuen, eta, ondoren, Luna de enfrente (1925) eta Cuaderno San Martin (1929). Aldi berean, Martin Fierro aldizkarian lankidetzan jardun zuen, eta hainbat saiakera liburu argitaratu zuen, besteak beste, Inquisiciones (1925), El tamaño de mi esperanza (1926), Evaristo Carriego (1930), Discusión (1932) eta Historia de la eternidad (1936). Victoria Ocampok 1931n sortutako Sur aldizkariaren aholkulari eta lankide izan zen. 1932an Adolfo Bioy Casares eta Silvina Ocamporen adiskide egin eta haiekin lankidetzan hainbat lan idatzi zituen. 1935ean Historia Universal de la infamia bere lehenengo kontakizunen liburua argitaratu zuen, eta honelaxe definitu zuen, alegia, “ipuinak idazten ausartu ez eta bereak ez ziren historiak faltsutzen (...) denbora pasan aritu zen lotsati baten jolas arduragabea” . 1937an udal biblioteka batean lortu zuen lanpostu xume bat, eta lanerako joan eta etorriko bidaiak Dante, Ariosto eta Leon Bloy-ren lanak irakurtzeko aprobetxatu zuen. Sur argitaletxerako, Virginia Wolf, Henri Michaux eta Willian Faulkner-ren lanak itzuli zituen.



Helduaroa (1938-1955)





1938an, bere aita hil zen urte berean, Borgesek istripu larri bat izan zuen eta ia bizitza galdu zuen. Ondorioz, ikusmenean zituen arazoak larriagotu egin ziren eta bere itsutasuna handituz joan zen; beraz, bere ama eta adiskideen laguntza behar zuen. Istripuaren ondoren bizkortzen zen bitartean, bere lehenengo ipuin fantastikotzat har daitekeena idatzi zuen, alegia, Pierre Menard, autor del Quijote (1939). 1941ean hasi zen bere kontakizun lan handia argitaratzen El jardin de senderos que se bifurcan, ipuin bilduma, 1944an Ficciones izeneko liburuan jaso zuena. El Aleph (1949) argitaratuz, jarraitu zuen originaltasun eta literatur kalitatez betetako argitaratze lanetan. 1946an, Peron iritsi zen boterera, eta Borges, Peronen aurkako adierazpen batzuk izenpetuak zituena, bibliotekan zuen lanpostutik kendua izan zen eta udal merkatuan ikuskatzaile izendatua, nahiz eta berak errefusatu zuen. Iraina garbitzeko edo, Argentinako Idazleen Elkarteak (SADE) Leonidas Barletta idazle komunistak buru zuen ekitaldi bat antolatu zuen. Barlettak egoera politikoaren aurrean Borgesek zuen ausardia goraipatu zuen. Harrezkero, poliziaren funtzionariak Borgesek emandako hitzaldi eta ikastaroetara hurbiltzen hasi ziren, kontrolatu nahian edo. Anales de Buenos Aires aldizkaria zuzendu zuen, eta Bioy Casaresekin lankidetzan eta H. Bustos Domecq goitizenarekin hainbat ipuin argitaratzen hasi zen. 1950 eta 1953 bitartean, SADEren lehendakari izan zen, hainbat erakundetan ingeles literaturako eskolak eman zituen eta antzinako literatura anglosaxoia aztertzen jardun zuen. 1951tik aurrera, bere lanak Parisen argitaratu ziren, Nestor Ibarra eta Roger Cailloisen bitartekaritzari esker. 1952an saiakera liburu berri bat kaleratu zuen, Otras inquisiciones, hain zuzen.



Proiekzio unibertsala (1955-1986)





1955ean Peronen gobernuaren erorialdiarekin batera, Biblioteka Nazionaleko Zuzendaria izendatua izan zen. Ia erabateko itsutasunak irakurtzea eta idaztea galarazten zizkion, eta bere testuak buruz erredaktatu behar izaten zituen, ondoren bere laguntzaileei diktatuz. 1956an, Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako Fakultatean Ingeles Literaturako katedra lortu zuen, eta Literaturaren Sari Nazionala eman zioten. El Hacedor (1960) lanarekin, Borgesek bertsoz eta prosaz idatzitako testuak konbinatzen zituzten liburuen konposizioari ekin zion: olerkiak, kontakizun laburrak eta saiakeren zirriborroak, nahas-mahas batean, Los conjurados (1985) bere azken liburura arte lantzen jarraitu zuen estiloan, hain zuzen. Era berean, beste ipuin bilduma batzuk argitaratu zituen, El informe de Brodie (1970) eta El Libro de arena (1975), eta La rosa profunda (1975), La moneda de hierro (1976), Historia de la noche (1977) olerki bildumak ere bai. Borgesekin izandako elkarrizketak eta hitzaldiak jasotzen dituzten hainbat liburu ere argitaratu ziren, alegia, Borges oral (1979), Siete noches (1980) eta Nueve ensayos dantescos (1982). Bere bizitzaren etapa honetan bidaia ugari egin zituen, hainbat unibertsitatek eta erakundek gonbidaturik, eta, bertan, ikastaroak eta hitzaldiak eman zituen. Ohoreak eta sariak jaso zituen, denetan aipagarriena 1980an Cervantes Saria izanik, Gerardo Diegorekin batera jaso zuena, hain zuzen ere. 1985. urtearen amaieran, minbiziak jota, Genevan kokatu zen Maria Kodamarekin, 1958an ikasle bezala ezagutu zuena, eta lankide eta lagun min bihurtu zena, 1975ean Doña Leonor Borgesen ama hil zenetik. 1986ko apirilean zibilez ezkondu ziren. Borges 1986ko ekainaren 14an hil zen Genevan zuen etxean, eta Plainpalaisko hilerri zaharrean hilobiratua izan zen, Maria Kodama, Hector Bianciotti, Marguerite Yourcenar, Aurora Bernardez (Cortazarren alarguna) eta adiskide talde txiki bat bertan zirelarik.


Teresa Martin Taffarel
Guies de Lectura / Fundació "la Caixa"; núm. 51.

Arriba

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net